Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak IV

19 de azaroa, 2013 – 14 de iraila, 2014

La exposición en Bilbao

Irazabal

Prudencio Irazabal
Titulurik gabea 767. zk. (Sin título #767), 1996
Akrilikoa oihal gainean zurezko panelen gainean
211 x 346 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak IV

“Uste dut errealitatea gainezka egitea, ausardia dela. Irudimenezko gauzak errealitateari dagozkio; gertatu egiten dira”. —Adonis [Ali Ahmad Said Esber]

Erakusketa honetan Guggenheim Bilbao Bildumako lanak erakusgai daude, artista belaunaldi birenak. Gaur eguneko artista horiek presentzia eta absentzia ikertzen dute eta errealitatea eraldatzen dute. Errealitate horren barruan daude, giza harremanak, artearen historia eta ikuspegi kosmikoak eta mikrokosmikoak, besteak beste.

Bi atal bereiz daitezke erakusketan: batean lan figuratiboak daude, itxura teatrala dutenak, eta bestean abstraktuak. Artistak hainbat modutan hurreratzen dira errealitatera, baina beti dute xede ezezagunean murgiltzea, errebelazio bat bizitzea. Hartara, errealitatea “aldez aurretik den” zerbait izateari uzten dio, eta esperientzia berezia da; arteak zerizan erretorikoa galtzen du orduan eta guztiz lotzen zaio izatearen, existentziaren, osotasunari.

Gune honetan errealitatea abstrakzioaren bidez jorratzen duten hiru artisten lanak daude: Prudencio Irazabalenak, Darío Urzayrenak eta Juan Uslérenak.

Prudencio Irazabalen lanetan (Larrazubi, Araba, 1954) artearen historiako erreferentzia ugari daude: pinturaren lengoaiaren jakintza teknikaren eta formaren azterketaren bidez aditzera ematen du. Titulurik gabea #767 (1996) koadroa monokromatikoa da lehen begiratuan, baina albotik ikusita ohar gaitezke pintura akrilikodun hainbat geruza gardenez egindakoa dela; horrek artistaren sortze-prozesua agerian uzten du, bai eta azaleraren argitasunaren iturria ere.

Darío Urzayren (Bilbo, 1958) Frakzioa (Mikrobertsoa) batean [En una (Microverso) fracción, 1997] lanaren bi bertsio daude ikusgai lehenbiziko aldiz. Artistak horrela kokatu ditu lanak irudizko zirkulu bat eratzeko eta hartara bi lanak batzeko eta ikuslea ikuspegi kosmikotik mikroskopirako bidaia zirraragarri batean murgilarazteko.

Juan Usléren pinturak (Santander, 1954) autonomoak dira eta artistaren aldartearen eta buru-prozesuen une jakin batzuk jasotzen dituzte. Errebelatu zenuela egin nuen amets (Soñé que revelabas, 1997–gaur egun) saileko lerro eta pintzelkada bakoitzak zirrarak eta mugimendu astun eta erritmikoak aditzera ematen ditu. Lerro horiek egiteko errepikapen mekanikoak agerian uzten du artistak prozesuan interesa duela; dena dela, pintzelkada gorputzaren eta jardun fisikoaren arrastoa ere bada, hots, errealitatearen alderdi batena, zein lan hauetan abstrakzio bihurtzen den.

Gune honetan hiru artistaren lanak daude: Elssie Ansareo-renak, Manu Arregui-renak eta José Manuel Ballester-enak. Hirurek egiten dituzte konposizio figuratiboak, halako itxura dramatikoa dutenak gainera.

Elssie Ansareok (Mexiko Hiria, 1979) agertokiaren eta ikuslearen inguruko hausnarketa egiten du barroko itxurako irudi teatralen bidez; ikuslearentzako irudi aztoragarriak egiten ditu. Argazkigintzaren bidez interes estetikoak lantzen ditu eta modu poetikoan aztertzen ditu hainbat kontzeptu, hala nola, irudikapena, identitatea, bestearekiko harremanak eta oroimena.

Manu Arreguik (Santander, 1970) Guztiz xarmagarria (Irresistiblemente bonito, 2007) lanean errealitatearen eta horren isla birtualaren arteko joko iradokitzailea eratzen du, hedabideek pertsona erreal bat pertsonaia bihurtzeko moduak aztertzeko. Lanaren protagonista Vanesa Jiménez da, “kristalezko hezurren neska” ezizenez ezaguna. Lan horren ondoan dago Andre itxurako keinuarekin (Con gesto afeminado, 2011). Errusiako balleten eraginpeko film bat du oinarri eta horren bidez Arregik norbanakoaren eta gizartearen arteko aldeak eta adostasunik eza eta maskulinotasunaren agindu sexistak aztertzen ditu eta zalantzan jartzen ditu eredu nagusiak.

José Manuel Ballester-en lanek (Madril, 1960) denbora beren baitan biltzen dutela ematen du. Artistak hutsik dagoen espazioaren poetika bat bilatzen du, eta horrek 2007an hasitako Ezkutatutako txokoak saila egitera eraman du. Digitalki eraldatzen ditu artearen historiako pintura gailenak, eta, ondorioz, maisulanotan hutsune artegarriak sortzen ditu. Haren artelanek errealitatearen metamorfosi berezian parte hartzera gonbidatzen dute ikuslea.

Komisarioa: Petra Joos

×